Koldobika Jauregi
Hogeitik gora urte eman ditu harri, egur, metal eta paretak zizelkatzen artearen munduan bere tokia finkatu bitartean. Mota guztietako materialak, ideiak eta teknikak erabili ditu urte horietan guztietan. Hogeita hamar bat erakusketa eta hamar bat beka eta sari dauzka jasota. Besteak beste, Txillidaren Zabalaga beka jaso zuen 1990ean eta Karl Muller mezenas alemaniarrarekin lan egiteko aukera izan zuen Düsseldorf hirian. Alemanian egindako egonaldi luzeak eragin nabarmena izan du, kritikarien aburuz, Jauregiren lanean, eta Euskal Herrian lehendik ere bazuen sona, nazioarteko mailara zabaltzeko aukera ere eman dio. 2000. urtean, esaterako, Tokioko parke batean 26 eskultura kokatzeko deitu zuten lehiaketan, bera izan zen hautatutako europar eskultore bakarra. Alemanian bertan, 1999. urtean. Würth Museoak espainiar arteari eskainitako erakusketa batean Espainiako egungo hamar artista garrantzitsuenen artean aukeratu zuten Jauregi, Txillida, Tapies edota Sauraren ondoan. Azken urteetako erakusketa gehienak Alemanian egin baditu ere, ez du Euskal Herriarekiko harremanik eten, nahiz eta kritiko agertu hemengo giro artistikoarekin eta merkaturik ezarekin. Azken urteotan Euskal Herrian egin dituen erakusketez gainera, hainbat herritan ipini ditu bere lanak: Idiazabalen, Barakaldon, Lemoan, Donostiako Miramon Parke Teknologikoan.